

Dantza garaikideko Gasteizko konpainia bat da Larrua proiektua. Jordi Vilaseca eta Aritz Lopezek zuzentzen dute, eta 10 urteko ibilbide oparoa beteko du 2025ean. Haien lanetan, sinbiosi benetan berezia lortzen dute alderdi fisikoaren eta emozioen artean, eta publikoarekin konexio sakona ezartzen dute euren proposamen artistikoen bidez.
Proiektu berri honetan gizakion barne-munduetan murgilduko dira. Esplorazio koreografiko baten bidez, 40 urtetik gorako dantzarien heldutasun eszenikoaren balioa nabarmentzearen alde egin dute. Gorputz horiek istorio bat gordetzen dute: euren egungo istorio gizatiarra. Bizi izan dutela senti daiteke. Dantzan egin dute, sufritu, gozatu. Eraldatu dira, modu askotan. Gorputz erabiliak dira, esperientziaz beteak. Eta, aldi berean, pixkanaka, gero eta gehiago interesatzen zaie ideiak aurkeztea, zerbait menderatzen dutela erakustea baino. Ikuspegia aldatu da: lasaitasuna dario, pazientzia. Emozioa ez da hain bizia, baina sakonagoa da. Lasaitasunak denbora ematen du behatzeko eta hausnartzeko, lanaz eta hari heltzeko moduaz ikuspegia zabaltzeko.